XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Errekorte baserria, gaur bezalaxe lehen ere, Sanmartzialeko mendien magalean aurkitzen da Biriatu aurretik dihoan Bidasoari begira, askotariko arbola ugarien kabian, pikotxean bezala jarria.

Pausotik edo Behobiatik Endarlazara goazela eskubitara jasotxoa, berehalaxe.

Bidasoa kontra-kontrako errepidearen alde bietan badira baserri gehiago ere, noski, han-hemen sakabanatuak.

Hortik zoazelarik, eta ustekabean-edo, bertako gizon nahiz emakume larririk aurki bazeneza, jar ezazu hizpidean, aipa iezaiozu zernahi.

Solasik epelena ere lortzen duzula, galde, erreka iskinako kontrabando zaharrez, ea egia ote den handik hainbeste eta hainbeste egin izan denik; aipa, erdia ere ez daitekeela gertatua izan zure ustetan... Ikusiko duzu bat-batean, bi begietan ezezik arpegi osoan ere, piztu dela han pindar berexiren bat; ikutu duzula solaskidea mamienean eta... konfidantza izpirik sortu badiozu behinipehin, bazter bilduren batera eraman nahiko zaituela.

Presta zintezke orduan barrundatzen zenituenak eta bost entzutera, luze eta bero.

Hangoxeak, Errekorteko jabeak dituzu Frantzisko eta Enkarna senar-emazteak.